XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Foru arau honek 111 artikulu 14 titulutan banaturik, xedapen gehigarriak, iragankorrak, indargabetzaileak eta amaierakoak ditu; zergak ordaintzeko norberak duen betebeharra arautzen du bereziki arau honek, hau da, bertakotzat jotzen direnek lortzen dituzten errentak kargatzeko zerga pertsonala arautzen du.

Horren ondorioz, eta bertan bizi ez direnen zergaketa berritzen ez den bitartean, indarrean dihardute azken subjektu pasibo horien zergaketa arautzen duten xedapenek.

Foru arauaren I. tituluak batez ere zerga horren ezarpen eremuaren mugak zehazten ditu, Ekonomia Itunean ezarritako eskuduntzen banaketa kontuan izanik.

II. tituluak zergadunak lortutako errenta bezala definitzen du zergagaia, eta hori era berean zergara lotzen ez direnak eta salbuesten direnak mugatuz zehaztu du behin betikoz.

Errenta definitzeko, orain arte erabili den sistema analitikora jo da: alde batetik, etekinek sortzen dituzten iturriak bereizi dira: lana, ekonomia jarduerak, kapitala eta ondare irabazi eta galerak; eta beste aldetik, errenta lorpentzat jo dira foru arauan bertan errenta lorpentzat jotzen direnak.

III. tituluak pertsona fisikoa definitzen du zergaduntzat.

Alabaina, foru arauak kontuan izan du zergaduna bera, hain zuzen, zerga berritze honen xedekoa den familiako kide bat izan daitekeela.

Hori dela eta, titulu honetan kontuan izan dira, besteak beste, famili unitatearen zergaketa, pentsio konpentsagarriengatik edo mantenuagatik ematen den trataera berezia, hala nola ondorengoen eta aurrekoen kuotei dagozkien kenkariak.

Titulu honetan, berebat, errentak modu partekatuan lortzen direnean horiek banakatzeko arauak ere ezarri dira.

IV. tituluak zerga oinarria aztertzen du.

Bertako kapituluetan zehar zerga oinarria definitzen da: zerga oinarria eratzen duten osagai desberdinak zehazten dira, behin-behineko ezarpenerako arauak eta baloraziorako arau bereziak ematen dira, eta errenta desberdinak integratzeko eta konpentsatzeko jardunbidea ere araupetzen da.

Norberaren lanaren ondoriozko etekinen tratamendua hobetzen da hori ere zerga berrituaren helburuetakoa baita, eta hobaria gehitzen; horren zenbatekoa alderantziz proportzionala gertatzen da etekinen zenbatekoarekin.

Era horretara progresibitate erreal handiagoa lortzen da zergaketan eta errenta iturri horrek jasan ohi duen gainkarga arintzen da.

Nabarmen aldatu da ekonomia jardueren bidezko etekinak zehazteko prozedura.

Zentzu horretan, etekinak koantifikatzeko metodo orokor bezala, zuzeneko zenbatespenaren araubidea indartu da, hori baita metodoetan onena lortutako etekin erreala zergaketara ezarritako etekinera hurbiltzeko, eta gainera metodo horren bidez inbertsioarentzako zerga-pizgarriak ezarri ahal izango da.

Baina, hori horrela izanik ere, eta zergadun talde batzuen ezaugarri bereziak kontuan izanik, etekin garbia zehazteko prozedura objektibo batzuk jartzea ere ezarri du foru arauak.

Sistema objektibo horien helburu bakarra sistemari atxiki daitezkeenak betebehar formaletatik askatzea dela baieztatzeko, foru arauak zergaketara sartzea erabaki du etekin errealen eta sistema horiek ezartzearen ondorioz ateratzen diren etekinen arteko diferentzia.

Halaber, eta errenta iturri horren gaineko kontrola areagotzeko, betebehar bat ezarri da ekonomia jardueren bidez etekinak lortzen dituzten zergadun guztientzat: arlo ekonomikoko ondasun eta eskubideei buruzko aitorpen bat aurkeztea.

Betebehar horretatik salbuetsita daude Ondarearen gaineko Zerga aitorpena egitera derrigortuta daudenak.

Kapital higiezinaren etekinei buruzko kapituluan bi aldaketa esanguratsu sartu dira.

Lehena, zergadunaren ohiko etxebizitzaren titulartasunagatik egotzitako errentaren karga deuseztea.

Deusezpen horrek berarekin dakar Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kuotari dagokion gastu kenkaria ere deuseztea, hala nola, etxebizitza hori erosteko edo birgaitzeko zuzendutako inoren kapitalei dagozkien korrituak.